Español  |   Euskara  |   English
Aurkezpena
Heganen Jarduerak
Bazkideen Jarduerak
Munduaren inguruan
Ezker onez
Aurkezpena
Beti bezala, ohore handiz eta harrotasunez aurkeztu nahi dizuegu urteko txosten hau. Eta oraingoan, gainera, atsegin handiz idatzi ditugu lerro hauek, horrenbeste pertsonak beren eguneroko lana eskaintzen dioten industria honek osasun ona duela erakusten baitute.

 

Beti bezala, ohore handiz eta harrotasunez aurkeztu nahi dizuegu urteko txosten hau. Eta oraingoan, gainera, atsegin handiz idatzi ditugu lerro hauek, horrenbeste pertsonak beren eguneroko lana eskaintzen dioten industria honek osasun ona duela erakusten baitute.
Fakturazioa % 2 hazi da 2013koarekin alderatuta, eta Euskadiko Aeronautika eta Espazioko HEGAN Kluster Elkartean -HEGAN- biltzen diren enpresek ekitaldi ona izan dute 2014ko hau: 1.755 milioi euroko salmentak lortu dituzte munduan zehar banatuta dituzten planta guztietan. Enplegua ere % 1 hazi da, eta 12.546 langile izatera iritsi gara. Hazkunde hori % 4,4koa izan da Euskadiko zentroetan, eta 4.278 langile izatera iritsi gara, orain arteko marka guztiak hautsiz; kalitatezko enplegua da, goi-mailako prestakuntza duena.
Esportazioek 1.000 milioi euroko muga gainditu dute bigarren urtez, eta 1.139 milioi euroko zifrara iritsi dira, fakturazio osoaren % 65era. Erresuma Batuan kokatuko enpresak dira lanen helmuga nagusiak, eta horien ondotik, Alemanian eta Estatu Batuetan kokatutakoak datoz.
I+G arloko inbertsioari eutsi egin zaio iazkoarekin alderatuta, parte hartzen dugun programen faseekin bat etorrita, eta 165 milioi eurora iritsi da, hots, fakturazioaren % 9,4ra. Zenbateko horren % 86 enpresek autofinantzatzeko egiten duten ahalegin izugarriari dagokio, eta I+G osoa langileen % 11ri esker gauzatzen da: 1.442 pertsona!
Gainera, etorkizunari begira eta aireko lineek egindako aurreikuspenen arabera, % 5 haziko da urtero aireko eskaria datozen hogei urteetan, eta horrek hegazkinen produkzioa areagotzea dakar beti.
Datozen urteetan Euskadiko industrian eragin onuragarria izango duten mugarrien artean, honako hauek azpimarratu behar dira: Embraer KC-390 garraiorako hegazkinaren roll-out ekitaldia –aurkezpen ofiziala- egin da; Airbus A350 XWB fuselaje zabaleko hegazkinaren lehen eredua entregatu da, datozen hamarkadetan ekoizle horrek abiazio komertzialean duen negozioan protagonista nagusia izango dena, hain zuzen, eta gure elkarteko 33 enpresek hartzen dute parte hegazkin horren ekoizpenean; Boeing 787 Dreamliner hegazkinaren produkzio-tasa igo egin da, eta HEGANeko hogei kide inguruk hartzen dute parte zeregin horretan. Eskualdeko hegazkinen esparruari dagokionez, Embraer etxearen E-2 eta Bombardier etxearen CSeries hegazkin berriak merkaturatzeko prestatzen ari gara. Eta, bestalde, sektorea bere posizioa indartuz eta zabalduz doa, negozio-hegazkinen programa berriak sartu baitira, hala nola Beechcraft edo Gulfstream.
Aurreko guztia kontuan hartuta, zer ondoriozta dezakegu? Hazten jarraitzen dugula; gure kokapen estrategikoek, Euskadin enpleguari eusteko aukera emateaz gain, enplegua sustatzeko aukera eman digutela; lehiakortasunari, konpromisoari eta gizartearekiko zerbitzuari eusten diegula; eta gure enpresek aeronautikaren merkatuan leku ona betetzen dutela, programa berrietan parte hartuta.
Logikoki, sektorearen helburua lehiakortasun horri eustea eta berori hobetzea da. Eta aurrez aurre ditugun erronken artean, sektorearen etengabeko bilakaera azpimarratu nahi dugu, gero eta exijentzia teknologiko handiagoak baititu ─aireontzien segurtasun handiagoa, ingurumena gehiago errespetatzen duten hegazkinak, pisu eta kontsumo gutxiagokoak─, eta horrek eragina baitu enpresa ekoizleetan. Gainera, teknologiaren eta berrikuntzaren esparruan, Tier-1 mailako lidergoari eutsi behar diogu, eta balio-katea garatu behar dugu eragile guztien ekarpenaren bidez, industria bikaina lortzen laguntzeko. Programa berriak abian jartzeko aparteko neurri finantzarioak izatea, guztion artean lehiakortasuna eratzeko lan-munduko eragileekin ongi moldatzea, eta aeronautikaren merkatu eta programa berrietan sartuz eta ekoizle handien lana kanporatuz enpresen zorroa zabaltzen jarraitzea dira gure bilakaeran kontuan hartu beharreko beste aldagai batzuk.
HEGAN elkartekook lankidetzan oinarrituta erronka horiei irtenbidea bilatzeko konpromisoari eusten diogu, eta 2013tik 2016ra bitarteko gure gogoeta estrategikoa hedatzen jarraitu dugu 2014. urtean. Dokumentu hau irakurriz, gonbidapena egin nahi dizuegu berori eta gure bazkideen jarduera nagusiak ezagutzeko.
Mila esker.
Parque Tecnológico
Isuntza Bidea Edif. 303
Zamudio - Bizkaia
Tf. +34 944 318 987
Fax +34 944 317 976
hegan@hegan.com
Web financiada por el Dpto. de Desarrollo Económico
y Competitividad del Gobierno Vasco